XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AMA SEMEAK Arantzazuko kondairan eskribitzeko enkargua hartu zuanean, hain bere baitan bildu zen, bere lagunak erotuko ote zen beldur ziren.

Holakoxea da Salbatore.

Bere lanak ez dira jostagailutzat eginak, ez denbora pasa.

Lan bakoitza, Salbatoreren pentsaeraren laburpen bat dela esango nuke.

Mitxelenaren lana, erdizka bakarrik irakur dezakezu.

Eta makurrena, gaur ere oraindik ezin ditugula argitaratu.

Pena da, obra horientantxe, nere ustez, azaltzen bait da gure benetako Salbatore.

Txikikeriak aparte, Mitxelenaren euskaltzaletasuna azpimarkatu behar dugu.

Zenbait pondutan bere arazoketa (eta arrazoiketa) arrotz egiten zaigula? Ez da harritzekoa.

Hala behar du ere.

Bakoitza da bakoitz, eta guk geure modura bizi behar dugu euskaltasun hori.

Ez dira alferrik hainbeste gertakizun pasa.

Mitxelenak ezaguturiko soziologia- eta politika-baldintzak ez dira gureak.

Gizarte-giroa aldatzean, kultura-beharkizunak ere aldatu egiten dira; eta, orobat, idazleak, kondizionamendu horieri erantzuteko, hezurmamitzen duen problematika ere.

Lege da.

Gizakumea, gurasoen seme bezainbat da aldiaren seme.

Eta sinesturik nago, alegia, benetan bere garaiari konkretuki erantzuten dioten idazle horiek direla " galtzen " ateratzen diren aurrenekoak, sasi-jakintsuen aburuan, gizarte-baldintzak kanbiatzerakoan.

Aldiarekin batera desfasatzen bide dira.

Desfasatua ala ez, hor gelditzen da idazlearen lana.

Eta hor dugu Salbatore, giro baten lekuko: herriaren abots eta interpretatzaile batetik, eta bestetik herri horren auspoemaile eta gidari.

Mitxelenaren saio guzietan Euskal Herriaren egoera malapartatua eta berak herri horri sartu nahi dion hil-nahi-eza ikus ditzazkezu.

Salbatore ezagutzera konbidatzen zaitut.

Ez zera damutuko.

Irabazten aterako zera.

Eta amaitzeko, bi ohar.

Bateko. Adiskide batzuk bultzaturik, orain hiruzpalau urte, lanok inguratzera abiatu nintzen.